Kristinaren Testigantza. Iluntasunarekin itun bat.
Istorio honetan Kristina izena hartzen duen pazienteak, hainbat blokeo jasaten ditu bere egungo bizitzan bere helburuak bete ahal izateko. Terapeutaren laguntzaz, sintoma hauek sortu zituen iraganeko bizitza bat ikusarazten du, gizon bat izanik, boterea eta onarpen soziala lortu ahal izateko iluntasunarekin ituna egiten zuenean, sekta bateko kide bezala. Kristinak, terapeutak lagundurik, mugatzen duen ituna desegin dezake, egindako okerrak sendatu eta bere bizitza mugatzen zuten blokeoak konponduz.
VII. Atala.
Iluntasunarekin itun bat.
Fausto: Beraz, infernuak berak baditu bere legeak? Hori atsegin dut, orduan konfiantzaz zuekin itun bat itxi genezake, jaunak?
Mefistofeles: Agintzen zaizun guztiaz erabat gozatuko duzu; ez zaizu ezer kenduko. Zure kidea naiz, eta nirekin pozik bazaude, zure zerbitzaria naiz, zure morroia.
Fausto: Eta trukean, zer egin behar dut zuretzat? Adierazi itzazu argi eta garbi zure baldintzak. Horrelako morroi batek arriskua ekar dezake zure etxera.
Mefistofeles: Hemen zu zerbitzatzera behartzen naiz, zure adierazpenik txikienean, bakerik edo atsedenik nere buruari eman gabe; harantzagoan elkartzen garenean, zuk gauza bera egin behar duzu nirekin. Gauza bat bakarrik… Hil ala biziko arrazoiengatik, lerro pare bat idaztea eskatzen dizut. Horri zati txiki xume edozein ona da horretarako. Odol tantatxo batekin sinatuko duzu.
Fausto: Horrek guztiz asetzen bazaitu, aukera bat bezala pasa dadila.
Mefistofeles: Odola oso likido arina da.
Fausto: Ez dadila egon itun hau hautsiko dudanaren beldurrik. Agintzen dudana nire energia guztien erantzuna da.
Goethe, Fausto.
Faustok Mefistofelesekin egindako ituna agian iluntasunarekin egindako itunaren adibide klasiko bat da. Lerro gutxitan, hitzarmen berezi honen baldintzak eta ondorioak azaltzen ditu Goethek. Mefistofelesek bere burua Fausto zerbitzatzera behartzen du bere bizitza fisiko osoan zehar. Horren truke, Faustok bere burua zerbitzu hau geroko bizitzan itzultzera behartzen du. Faustok odol tanta baten sinadurarekin itun hau zigilatzen du eta, gainera, Faustok bere energia guztiekin itun horretara agintzen da. Hau da itun guztien funtsa.
Jarraian, modu praktikoan ikusiko dugu nola nabaremendu ohi den itun mota hau iraganeko bizitzako terapiarekin lan egiten dugunean eta zein ondorio dituen pertsona baten garapenean eta bizitzan.
Ez zen kasualitatez iritxi Kristina (36) Eivissako «Arimaren argiarekin topaketa» tailerrera. Kristinak boterea maneiatzeko arazo larriak zituen eta zuzentasunaren kontzeptuarekin. Bere gaitasunez jabe zen, baina bere trebeziak praktikan jartzeko garaia iristen zenean, blokeatu egiten zen, beldurrak paralizatu egiten zuen eta asko larritzen zen egoera horretan. Beti bezala, Kristinari galdetu nion non sentitzen zuen beldur hori eta honakoa erantzun zidan:
–Beldurra bularrean, eztarrian sentitzen dut eta ahotsak dardar egiten dit, bapatean indar guztiak galduko banitu bezala.
Kristinaren esaldi hau kontzientziatik baztertzen zen esperientzia baten adierazletzat hartu nuen eta hortik aurrera abiatu zen bere esperientzia.
Ostirala, 2008ko urriaren 24an.
Terapeuta: Non egoten zara indar guztiak galtzen dituzula sentitzen duzunean? Non egongo bazina bezala sentitzen zara?
Kristina: Txalupa batean eserita nago beste hainbat jendez inguratuta. Gizon bat naizela uste dut eta agintea erakusten duen makila bat daukat eskuineko eskuan. Noan txalupa oso apaindua dago eta abiadura leunez ibaian zehar mugituz doa. Ibai ertzean jendea dago eta leku garrantzitsu batera goaz. Ekitaldi bat egongo balitz bezala da. Guztiok pozten gaitu lan hau egiteak. Ihiak daude ibai ertzean eta zuri koloreko sarrera izugarri bat ikusten det. Txalupatik jaitsi eta oinez hasten gara. Aurreko bide hori egin behar duzu bertara iristeko; ekitaldiaren zati bat da. Jakitunak gara bide hori egiten ari garela – negarrez hasten den bitartean.
T: Zer gertatzen da?
K: Ez dakit egin behar dudana egiteko gai izango naizen. Oinak dardarka ari zaizkit! Baina inork ez du hori ikusi behar –negarrez–. Nire ardura da. Nire lana ondo egin behar dut. Egin behar dut etorri naizena egitera, nahi ala ez.
T: Eta zer egitera etorri zara?
K: Erahil behar dut! –negarrez eta bere gorputza bihurtuz.
T: Hori da, segi.
K: Badakit zer egin behar dudan, baina ez dut egin nahi! Baina egin behar dut, nire ardura da. Nik boterea daukat, zergatik botere hau izan behar dut? Ez! Bide hori izugarria da! -negarrez-. Indarra daukat eta badakit egin behar dudala. Nirea ez den indar bat daukat eskuetan. Eta egin behar dut!
T: Eta norena da esku artean duzun indar hori?
K: Ez da nirea; goitik dator, beste nonbaitetik, kosmosetik, edonondik. Indar hori daukat orain esku artean, nabari dezaket.
T: Zer sentitzen duzu zure eskuetan?
K: Dardar ikaragarria. Indar hori nirea ez balitz bezala, ez da nirea!!! –negarrez–. Zergatik egin behar dut hau? neure buruaren aurka borrokatzen ari naiz.
T: Eta zergatik egin behar duzu zuk zeuk?
K: Boterea nire esku dagoelako.
T: Eta zergaitik duzu botere hori?
K: Ez dakit, horrela jaio nintzela sentitzen dut, leinu jakin batetik etorri banintz bezala. Eta ez da egiten dudan lehen aldia. Oso ondo dakit zer egin behar dudan.
T: Eta zer egin behar duzu?
K: Odola isuri behar dut! Eta eskuekin egin behar dut!
T: Eta zer egin behar duzu zure eskuekin?
K: Norbaiti zintzurra moztu behar diot. Neska gazte bat hurbiltzen da. Neska oso dedikatua dator, zer egin behar duen badaki eta hori da denek espero dutena.
T: Eta zer sentitzen duzu neska hurbiltzen denean?
K: Ez dut ezer sentitzen. Hemen nagoenean ez dut ezer gehiago sentitzen, egiten dut eta kitto. Eta ekitaldiarekin jarraitzen dut.
T: Ekitaldiak nola jarraitzen du?
K: Bere odolarekin lapiko bat betetzen dut eta gero beste zerbait egin behar dut odol horrekin. Erritual bat jarraitu behar dut eta denek espero dute hori nik egitea. Neska jada harrian etzanda dago. Hiltzen ari da! Eta denek hori egitea arruntena dela uste dute. Eta dena ondo egongo balitz bezela egiten dut. Baina nire barne sakonean hori izugarri gaizki dago. Hori oso gaizki dago! hori egiteak ez du zentzurik. Baina berriro egiten ari naiz! –negarrez.
T: Erakutsi nola egiten duzun.
K: Lapikoa hartu eta guztiei eskaintzen diet edateko. Eta denek edaten dute! Jaunartze edo antzeko zerbait bezalakoa da. Otoitz egin behar dut, otoi moduko bat egin behar diot iluntasunari. Hori dena iluntasunari eskaintzen diot.
T: Nori eskaintzen diozu guzti hori?
K: Nik uste dut Sataneri edo horrelako zerbaiteri –zotinka etsi-etsian–. Berari eskaintzen diot neure burua.
T: Nola eskaintzen diozu zeure burua?
K: Gorputzez eta arimaz!! –garraxi eta etsita negarrez–. Aaahhh! Eta besteak ere eskaintzen ditut!
T: Zein da zure burua Sataneri ematen diozunean ahoskatzen duzun esaldia?
K: Egin nazazu zurea! Nik nahi dudana da. Boterea nahi dut! Emaidazu boterea! Emaidazu orain sakrifikatzen dudan arima honen indarra, eman iezadazu! Emaiguzu!
T: Ondo da, hirurarte zenbatuko dut eta hasierara itzuliko zara, zure burua iluntzera eskaintzera eraman zaituen gertaerara. Bat bi hiru. Nola hasten da guzti hau?
K: Txikia naiz eta etxean nago nire familiarekin. Badirudi zerbait gaizki joaten ari dela. Nire aita hilzorian dago eta gorroto handia dauka bere barruan. Nik nire burua defendatu behar dudala esaten dit, ezin naizela hain ona izan. Nere heriotza beste modu batekoa izan behar dela, ezin naizela hil bera hilko den moduan, behartsua izanik, eta tenpluak baztertua izanik. Norbaitek berari txarra desio zion eta boterea kendu zion. Ona izateak ez duela ezertarako balio esaten dit «Ez du ezertarako balio!» –esaten dit– «Ona bazara, txakur bat bezala hiltzen zara, izugarri gaizki hiltzen zara». Beraz, esaten dit «zure boterea lortzeko egin ezazu behar duzun guztia».
T: Eta orduan zer egiten duzu?
K: Pentsatzen hasten naiz ez duzula beti dena ondo egin behar, agian beste era batzuk ere badaudela. Badira beste tenplu batzuk, eta han baztertzen bagaituzte, zergatik ez egin gauzak beste modu batera?
T: Hori da, segi.
K: Tenplu batean sartu eta aitak egin zuena egin nahi dut, baina ez didate utziko. Beraz, hori bera egiteko beste modu bat aurkituko dut.
T: Nola egiten duzu?
K: Nire arima eskaintzen dut –negarrez.
T: Nola eskaintzen duzu zure arima? Esaidazu nola egiten duzun.
K: Arte txarretara ematen naiz. Oso erritual eraginkor batekin hasten naiz, jende askorekin. Zirkulu baten barrura sartzen naiz eta badakit ez dagoela atzera bueltarik, baina nahi dudalako sartzen naiz, nik boterea nahi nuelako egiten dut.
T: Ongi da, orain begiratu gauza bat. Nori ematen diozu zure arima?
K: Sataneri –ahots isilez.
T: Eta nolakoa da errituala?
K: Hainbat pertsonez osatutako zirkulu batean sartzen naiz. Erakartze indar izugarria dago, baina aldi berean iluntasun handia dago. Erdian nago eta uste dut besoak goruntz begira altxatuta dauzkatela. Hitz batzuk esan behar ditut hizkuntza arraro batean. Esan behar dudana esaten didate eta hitz horiek errepikatzen ditut eta errepikatu ahala nabaritzen dut nola hartzen dudan indarra, nola handitzen joaten naizen eta nola egin dezakedan nahi dudana! –Oihuka.
T: Eta jakingo bazenu hitz horiek esaten dituzunean zer esaten ari zaren?
K: Neure burua eskaintzen dut, nire izate guztiarekin zuri ematen naiz, nere konszienzia guztiarekin nahi dudana egiteko eta horrela zuretzako egin. Nire arima ematen dizut, naizen guztia eskaintzen dizut eta, trukean, zuretako bat izango naiz betirako! –Oihuka eta negarrez aldi berean–. Eta horrela sentitzen naiz, neure burua guztiz, erabat eskaintzen dut. (Hona hemen ituna.)
T: Begira ezazu zer gertatzen den erritual horren ondoren.
K: Onartua naiz, orain beraien artean bat gehiago naiz eta erritual bakoitzean, sakrifizio bakoitzean parte har dezaket eta horrela boterea lortzen dut eta boterea era erraz batean lortzen dut. Niretzat erraza da. Boterea edukitzeko jaio nintzela sentitzen dut eta hemen lor dezakedala.
T: Oso ondo, hirurarte zenbatuko dut eta hasiera horren ondoren bizitza horretako gertaera garrantzitsu batera joango zara. Bat bi hiru. Zer gertatzen ari da?
K: Gaur bera hil behar dut.
T: Nor hil behar duzu?
K: Nire anaia.
T: Zer dela eta hil behar duzu zure anaia?
K: Horrela erabaki zuen tenpluko goiko aldean dagoen jendeak. Baina nire anaiarenkin zerbait gertatu zen, berak zerbait gaizki egin zuen. Zerbait desegokia egin zuen, eta nire anaiarekin hori egiteko ohorea eman didate, lehenengo aldiz. Ohoretua sentitzen naiz hori egiteko, baina hor hasten da zalantza, hor hasten da barne borroka, gauzak ez ditut argi, merezi ote duen guzti horrek. Nire anaia maite dudalako! Nola egin behar dut? Baina zin egin nuen eta nik hitza betetzen duen gizona naiz. Ezin dut! –negarrez– Baina egin behar dut! Iluntasunean hondoratuko naiz hau egiten badut. Nere bihotza ere galduko dut! Egingo dut. Banoa, banoa eta… egiten dut!
T: Erakutsi nola egiten duzun.
K: Horrela! –norbaiti eztarria mozteko keinua eginez–. Bere odolak zipriztintzen nau! –negarrez eta lurrean bueltaka–. Baina egin behar dut, nire paperean nago. Ezin dut daukadan mina azaldu! Ezetz! Hori nere barruan bakarrik dago; Momentuko solemnitateari eusten diot. Indartsua naiz, hemen nago nere jendearentzako. Beraz, hilketa tresna garbitu eta odola edateko errituarekin jarraitzen dut, ai ene!
T: Orduan, zer sentitzen duzu anaiaren odola edaten duzunean?
K: Ai! Erre egiten dit! Barrendik dena erretzen dit! Baino indartsua naiz eta pertsona bakoitzari odola ematen ari naiz, haiek ere edan dezaten. Bukaerararte gelditzen naiz. Horrela izan behar zuen; listo, egina.
T: Eta begira, orain arte, zein da esperientzia honen unerik zailena?
K: Egitera noan unean.
T: Eta une horretan, egitera zoazenean, zeintzuk dira zure erreakzio fisikoak?
K: Denak dar-dar egiten dit, izu-ikara sentitzen dut. Barrutik hausten ari banintz bezala sentitzen dut.
T: Eta zeintzuk dira zure erreakzio emozionalak barrutik hausten ari zarenean?
K: Ez noa ezer sentitzera, ez dut maitasunik sentituko. Maitasunari ere uko egiten diot.
T: Eta zeintzuk dira zure erreakzio mentalak, une horietan, maitasunari ere uko egiten diozunean?
K: Egin behar dut, baina ez dut egin nahi. Baina egiten dut.
T: Ikusi orain sentsazio guzti hauek nola eragiten dizuten Kristina izanik zure eguneroko bizitzan. «Dena dardaraz sentitzen dut» esaten duzuna, beldur-izua, «Barrutik hausten ari naiz», «Maitasunari uko egiten diot», «Egin behar dut baina ez dut egin nahi», guzti honek, Kristina zarenean zer eragin du?
K: Ezin naiz lasaitu, beti behartuta nago, beti barne borrokan nago, beti barrutik zatitua nago.
T: Eta hau guztia. Ze gauzak egitera eragozten dizu Kristina zarenean?
K: Egin nahi dudana, benetan desio dudana egitea.
T: Ongi da, orain hirurarte zenbatuko dut eta guzti honekin amaitzeko bizitza horretan zure heriotzaren unera joango zara. Bat bi hiru. Zer gertatzen ari da?
K: Ajjj! Koff! Koff! –itotzen ari balitz bezala– Ahhh! Ahhh!
T: Zer gertatzen ari da?
K: Eztarria moztu didate! Aaahhh! Aaahhh! – okertuz, itoaz eta eskuekin eztarria helduz.
T: Eta zergatik mozten dizute eztarria?
K: Nire garaia zen, idatzita zegoen, han denbora jakin batez egon ninteke bakarrik. Gauzak jarraitzeko modu bat da, nire odola besteei ematea.
T: Eta begira, zein da heriotza horren unerik ikaragarriena?
K: Ez dut ezer sentitzen, ez dut ezer sentitzen.
T: Eta ezer sentitzen ez duzunean, zeintzuk dira zure erreakzio fisikoak?
K: Dena berdin zait.
T: Eta ezer sentitzen ez duzunean eta denak axola ez dizunean, zeintzuk dira zure erreakzio emozionalak?
K: Itzalpean galtzen naiz.
T: Eta itzalpean galtzen zarenean, zeintzuk dira zure erreakzio mentalak?
K: Hiltzea merezi dut.
T: Ikusi orain sentsazio guzti hauek nola eragiten dizuten Kristina zarenean zure bizitzan. «Ez dut ezer sentitzen, itzalpean galtzen naiz» eta «hiltzea merezi dut» honek, zer gauzak egitera baldintzatzen zaitu Kristina zarenean?
K: Ez dut ezer egiten aldatzeko, nire bidea hartzeko. Inertziak eramaten nau, hori mereziko banu bezala da.
T: Eta guzti honek, zer egiteak eragozten dizu?
K: Duin ez izateak, ez duin izatea gauzak egiteko, lan egiteko.
T: Orain begiratu beste zerbait. Garai hartan, anaia erahiltzen duzunean, zer esaten dizu anaiak?
K: «Zergatik? Zergatik? Nola galdu zinen horrela?».
T: Eta zer diote gainontzeko biktimek eztarria mozten diezunean?
K: Sumisoak dira, baina sakonean biktimak ni baino indartsuagoak dira. Botere asko daukat, baina berak ni baino indartsuagoak dira.
T: Ongi da, hirurarte zenbatuko dut eta eztarria moztu baino lehenagoko une motz batera joango zara eta heriotza hori sakonago bizitzen utziko duzu. Hau oso garrantzitsua da, guztia betirako amaitzeko. Bat bi hiru. Nola hasten da zeremonia hori?
K: Tronuan eserita nago, tenplu horretan. Tronutik jaisten naiz, ibiltzen hasi eta aldarera igotzen naiz. Ematen dudan pauso bakoitza astuna da. Beste guztiak otoitz egiten ari dira; Trumoia egongo balitz bezalako zarata bat dago. Eta ni oso sartuta nago nire paperean, neure burua ematen dut.
T: Hirurarte zenbatuko dut eta eztarria mozten dizuten momentura joango zara eta gorputzari utziko diozu egin behar duen guztia egiten. Bat bi hiru. Zer sentitzen du zure lepoak eztarria mozten ari zaizutenean?
K: Aghj! Aghj! Aghj! –Itotzen eta bere burua okertuz hitzik esan gabe.
T: Hau da, zer sentitzen du zure lepoak, zer sentitzen dute ahots-kordek, trakeak? Zer gertatzen zaie birikei, zure garunari? Zer gertatzen da zure pentsamenduekin?
K: (Kristina itotzen ari da, bere burua lurrean bueltaka dauka nik gauzak galdetzen jarraitzen dizkiodan bitartean: baina ezin du hitzik esan.)
T: Eta zer da gorputz horretan pentsatzea lortzen duzun azken gauza?
K: Amaitu da. Botere gehiagorik ez, botere gehiagorik ez! (Hona hemen botere pertsonalaren erabilera blokeatzen duen agindua.)
T: Begira azken honek nola eragiten dion zure bizitzan Kristina izanik; «Bukatu da, botere gehiagorik ez» zer eragin du honek Kristina zarenean?
K: Ezin dut ni neu izan, ezin dut egin nahi dudana – negarrez.
T: Eta hau guztia, zerk eragozten dizu gauzak egitera?
K: Nire bidea jarraitu, ezin dut nahi dudana egin. Ez naiz ausartzen, ez naiz duin sentitzen.
T: Eta begira beste gauza bat, zer gertatzen da gorputz hori uzten duzunean?
K: Ai! Ezin naiz Argira joan, ezin naiz Argira joan! Ez dut baimenik Argira joateko.
T: Nora zoaz? Non zaude?
K: Zintzilik bezala nago, ez dago beste ezer.
T: Oso ondo, orain galdera garrantzitsu bat egingo dizut; Iluntasunarekin egin zenuen ituna hausteko prest al zaude?
K: Bai! –negarrez.
T: Beraz, Mikel Goiaingeruaren laguntza eskatuko diozu iluntasunarekin egin zenuen ituna hausten laguntzeko. Nirekin errepikatuko duzu: «Mikel Goiaingerua, damutzen naiz hartutako erabakiaz eta iluntasunarekin egin nuen ituna hautsi nahi dut».
K: (Kristinak hitzez hitz errepikatzen du nirekin batera.)
T: Hau da, «Migel Goiaingerua, apalki eskatzen dizut laguntzeko eta iluntasunarekin egin nuen ituna hausten laguntzeko. Mikel Goiaingerua, apaltasunez eskatzen dizut zure argi-ezpata ilunpeari lotzen nauen kateak hausteko erabil dezazun».
K: (Nirekin batera hitzez-hitz dena errepikatzen du.)
T: Oso ondo, orain hiru aldiz errepikatuko duzu: «Nik, Kristinak, nire borondatearen indarrez, hautsi eta baliogabetzen dut, sekulako eta behin- betirako, bizitza hartan iluntasunarekin egin nuen ituna, eta nire boterea, indarra eta argia berreskuratzen ditut».
K: (Hiru aldiz errepikatzen du.)
T: Oso ondo, orain Mikel Goiangeruaren ezpata hartuko duzu eta, hirurarte zenbatzean, iluntasunari lotzen zaituen ituna eta kateak hautsiko dituzu. Bat bi hiru.
K: (Kristinak ituna hausteko keinua egiten du eskuetan ezpata bat izango balu bezala).
T: Eta orain lapurtutako indarra itzultzeko eskatuko duzu. «Nire arima eta nire indarra nahi ditut oraintxe bertan!».
K: Nire arima eta nire indarra nahi ditut! Orain nahi ditut, orain behar ditut! Eskaini nien boterea itzul diezadatela eskatzen diet! Nirea da! Nire esku dago! Orain bertan nahi dut! Nire boterea nahi dut, orain! Nire boterea da eta ona da! Ona da! –besoak luzatu eta indarra hartzeko keinua egiten du.
T: Orain zure anaiarekin hitz egingo duzu biktima haiekin bizitza hartan zarelarik, hau guztia betirako amaitu dadin, bakean egoteko.
K: Ai! Sentitzen dut, nire bihotzak asko sentitzen du-negarrez-. Ez zen nire boterea, ez zen nirea!
T: Hau da, «zuegandik hartu nuena itzultzen dizuet».
K: Zuengandik hartu nuena itzultzen dizuet, ez zen nirea.
T: Oso ondo, eta erabat zure gorputza garbitzeko musuzapi batzuk emango dizkizut, alboka jarri zaitez eta bizitza hartan edan zenuen odol hori guztia botako duzu.
K: (Kristinak musuzapiak hartzen ditu eta oka egiten du. Ulertzen da oka energetiko bat dela.)
T: Ongi da, orain eskerrak eman Mikel Goiaingeruari, itzuli ezpata, eta barkamena eskatu Argiari oker zinelako.
K: Eskerrik asko, Mikel Goiaingerua. Barkatu oker egoteagatik, barkatu, barkatu.
T: Oso ondo, ziurtatu zure energia guztia gorputz horretatik ateratzen duzula adi egonik gorputz horren hiltzearekin esperientzia hori amaitu zela. Horko ezer ez da jada zurea. Guzti hori amaitu da. Zure indar guztia bilduko duzu eta zure arimaren zati hori Argira eramango duzu Mikel Goiaingeruaren laguntzarekin. Eskatu goiaingeruari Argira eramateko.
K: «Mikel Goiaingerua, xumeki eskatzen dizut Argira eramatea, mesedez eskatzen dizut Argian utzi nazazun».
T: Hori bai, jakin arazi iezadazu Argian zaudenean.
K: Dagoeneko Argian nago –ahots barearekin.
T: Oso ondo. Ba al dago gehitu nahi zenukeen beste zerbait?
K: Pozik nago Argian egoteagatik, hor egotea merezi ez nuela uste nuelako, ezin nintzela gai izango hona iristeko. Niregan zerbait gaizki zegoela uste nuen, baina orain ikusten dut ez dela horrela. Argian egoteko aukera uzten didate.
T: (Kristinaren lana lepoko zauria josiz amaitzen dugu lana, energia-fluxua maila horretan berreskuratzeko.)
Kristinaren antzeko esperientziak sarri ikusi ditut pertsona ezberdinetan. Gaixoak iraganeko bizitzetan giza sakrifizioetan izandako parte hartzeak errepikatzen diren gaia dira, pertsona baten bizitzan zenbait zailtasunen jatorria lantzen dugunean azaltzen direnak. Argi dago ez dagoela sintoma patognomonikorik aurretik ziurtasun handiz esaten didana izaera horretako esperientzia bat aurkituko dugula. Baina kontsultara etortzen denak bere trebeziak blokeatzen dituen historiak baditu, bere botere pertsonala lortzeko zailtasunak, indarra edo energia galerak, bere benetako nortasuna aldarrikatzeko ezintasuna edo energia negatiboen jazarpena, baliteke aurreko esperientzietan iluntasunarekin itun bat egotea, eta terapeuta gisa horretarako prestatuta egon behar dut.
Giza sakrifizioarekin edo gabe, iluntasunarekin itunak gauza beraren inguruan garatzen dira beti: boterea lortzea pertsona baten borondatea eta energia amore ematearen truke, botere hori ematen dion indar horri zerbitzatzera behartuta baitago pertsona hori. Kontuan izan botere hori lortzeko Kristinak Sataneri bere burua eskaintzen diola esanez: Nire arima ematen dizut, eta trukean zuretako bat izango naiz betirako. Eta hona hemen amua, haragoko bizitzan ez baita denbora esistitzen. Ituna egin zuenak bizitza fisikoaren amaieran betetzea eskatzen duen klausulan harrapatuta dago, baina gorputz fisikoaren bizitza laburra eta mugatua da, aldiz betierakotasunak amaierarik ez duen bitartean. Itunaren ondorioak bizitzaz-bizitza sentituko dira, baldin argira atera eta baliogabetuak geratzen ez badira. Berdin dio zein bizitzetan dagoen pertsona; Arima argiaren bidean aurrera egiten saiatzen den bakoitzean, kontrako indarren aurkakotasuna topatuko du, bere aurrerapena oztopatzen edo etentzen saiatuko direlako sinatutako akordioa bete dadin.
Ituna odolarekin sinatzeak are gehiago lotzen du ituna sinatu duenaren arima. Goethek dio odola oso likido berezia dela. Hau horrela da odolak ezkutuko bertute indartsuak dituelako; gizakiari bizitza ematen diona da eta Mefistofelesek badaki ziur Fausto bere eskuetan gehiago egongo dela, Faustoren odol tanta bakar batetaz jabetzen bada. Aforismo zahar batek dioen bezala, «zure odolaren gainean boterea duenak, zure gainean dauka botere osoa1». Sinadura honen bidez arimak bere energia eta bere nahiari amore ematen dio eta bere boterea beste indar batera besteretzen du. Terapeuta gisa, odolez sinatutako itun batekin topo egiten dugun bakoitzean, Mikel Goiaingeruaren irudira jo beharko dugu, gaixoak goi mailako botere baten indarra beharko baitu bere arima iluntasunaren menpekotasunetik askatzeko.
Iluntasunarekin egiten diren itunekin lan egitean beste alderdi garrantzitsu bat kontsulta egiten duenaren orain eta hemengo bizitzan itun horrek dituen arloarekin erlazionatuta dago, ituna sinatzea eta haren baliogabetzea osatzen dute agian lan terapeutikoaren unerik dramatikoena, baina ezin dut arlo horrekin bakarrik geratu. Terapeuta gisa pazienteari lagundu behar diot itunak bere egungo bizitzan dituen ondorioez jabetzen.
Kristinak ondorio horiek zehatz definitzen ditu bere eguneroko bizitzan: maitasunari uko egitea, etengabeko barne gatazkan bizitzea, barnean beharturik eta bananduta sentitzea eta ariketa edo lan ezberdinak egiteko duin ez izatea pentsatzea, besteak beste. Bere egungo bizitzarako kolpea izan zen esperientzia hartako azken pentsamendua «botere gehiagorik ez» esan zuenean. Kristinari bere botere pertsonala gauzatzea galerazten zion aginte hark. Baliteke bizitza honetan gure proiektuak aurrera eramateko gaitasuna eta talentua izatea, baina, aldi berean, maila inkontzientean etengabe gogorarazten digun agindu bat badugu, «ez botere gehiago, ez botere gehiago, ez botere gehiago», nola bete dezakegu egin nahi duguna, gure barnean agindu batek aurkakoa esaten badigu? Kristinak argi dio: ezin naiz ni izan, ezin dut nahi dudana egin.
Ikus ditzagun orain Kristinaren gogoetak esperientzia honen ostean hainbat urte pasa eta gero.
Ibizan egindako tailerrean izandako esperientzia hartatik, pixkanaka sortzen ari diren lan, ikasketa eta proiektuen artean igaro da nire bizitza. Orain ikusten dut hazkunde eta mugimendu sakoneko garaia izan dela.
Ibizako tailerraren ostean nire indarraz eta gaitasunez jabetu nintzen. Gestalt psikologian formakuntza bat amaitu nuen nire terapeuta lana optimizatzen lagundu didana, lan horretan bideratzen eta erabakigarriagoa izaten noalarik piskanaka.
Bereziki, nire erregresioak nire hitzaren indarrarekin lotu ninduen, eta horrek bereziki egin du kontu egitea zer esaten dudan, nori esaten diodan eta ze eratan esaten dudan. Tailerra egin aurretik, urteak neramatzan talde baten aurrean beldurra hitzegiten nuen bakoitzean. Erregresioari esker nituen zailtasunen arrazoiaz jabetu nintzen. Batzuetan oraindik beldurren bat somatzen badut ere, esan dezaket asko hobetu dudala nire burua jendaurrean irekitzeko, hitz egiteko eta talde bat zuzentzeko gaitasuna. Nire lanean orain maiz egiten dut hau.
Nire anaiarekiko nire jokaera eta gu bion arteko zailtasunak ere hobeto ulertu ditut, harreman honetan nik mina eta zailtasunak ere gehitu ditudala onartuz, lehenago anaiaren biktima gisa bakarrik ikusten nuelako nire burua, baina ez nuen nere burua bere erasotzaile gisa ikusten. Zentzu honetan, iluntasunaren esperientziak nire alde ilunera eta besteenera hurbildu nau, zaintzen ditudan pertsonen itzalera hurbildu nau eta horrek terapeuta hobea izaten lagundu dit.
Beti hor egon den beste gai bat, baina tailer horretan oso nabaria izan zitzaidana aingeruekin dudan lotura da. Egunero ageri dira nire bizitzan, gidatzen eta babesten nauten kideak izanik.
Ibizako tailerrean bizi izandako esperientzia hura oso indartsua izan zen. Lan horretan bost urte baino gehiago igaro ondoren, atzokoa balitz bezala sentitzen naiz José Luísek eztarria josi zidanean bizitza hartan eztarria moztuta hil ostean.
Asko estimatzen dut prozesu hau partekatu ahal izateko aukera, garapen espiritualago batera bideratzen lagundu zidana, baina, batez ere, pertsona osatuago bat bilakatu nadin.
Jose Luis Cabouli Doktorea. Atrapamiento y recuperación del alma. Terapia de vidas pasadas: Un nuevo paradigma (Arimaren harrapate bidea eta berreskuraketa. Iraganeko bizitzen terapia: paradigma berri bat). Continente Edizioak. 123tik 134ra bitarteko orrialdeak.
Itzulpena: Iraide López de Gereñu.
Oharra:
1 J. Roviralta Borrellen Faustoren gaztelaniazko bertsiorako oharrak. (A.ren N.).